Saltatu nabigazioa

Proiektua (Altzako Ahozko Historiak)

Proiektuaren deskribapena

Altzako Ahozko historien proiektua 2016-2020 urteetan garatutako ikerketa batean oinarrituta dago.

 

Ikerketa honetan Donostiako Altza auzoko biztanleen parte hartzetik abiatuz, auzoaren inguruko bizipenak, kontakizunak, ohiturak, tradizioak, ezagutzak... ahoz partekatu dira, biztanleon artean auzoko jendearen historia berpiztu eta debatitzeko. Orain arte 106 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute beraien historiak ahoz kontatuz eta elkarrekin auzoko historia modu anitzetara eraikitzen.

Bideo honetan, hobeto azaltzen dugu zertan den proiektu hau:

Jakinduria hori guztia jasotzeko, elkarrizketa guztien audioak grabatu dira. Gainera, idatzitako testu eta autobiografiak ere erabili dira, informazioa osatzeko. Bilketa prozesu horretan zehar eskuratutako informazio guztia gaika bildu da eta Altzari loturiko gai ezberdinen inguruko materialak sortu dira.

Auzoko jendearen ezagutzak eskoletan ere lekua izan beharko luke. Ahozko historien muina jendearen esperientziak, bizipenak eta historiak direnez, proiektu hau bizirik dago eta ikuspegi berrietara zabalik, jakintza hauek aberasten segitzeko.

Hori dela eta, material honen bidez proposatu nahi dizuegu Altzako biztanle eta bizikideen inguruan ikertzen segitzeko, bai eskolako kideen eta bai ingurukoen ideiak, bizipenak eta sentipenak partekatuz. Horrela, eskola mugetatik atera eta auzoko bizimoduetara irekiko litzateke.

Planteamendu honi esker, Altzako haurrek beraien auzoko historia, ohiturak eta gertaerak hobeto ezagutzeko aukera izango dute eta beste pertsonekin debateak eta jarduerak eginez, bizikidetza zehar lerro gisa lantzeko.

Animazio honen bidez azaldu dugu zertarako erabili ahozko historiak eskolan bizikidetza lantzeko.