Saltatu nabigazioa

Inguruko baserriak eta Casares baserria

Altzako baserrien kokapena

Txango birtuala auzoko inguruetatik baserrien inguruko informazio gehiago ezagutzeko!

Hementxe duzue Altzako Historia Mintegiak antolatu zuen ibilbidea!

Casares baserria- informazio gehigarria

Casares Altzako oinetxe garrantzitsuenetako bat da, 1986 urtean kultur etxeko zerbitzuak eskaintzeko zaharberritua eta moldatua.
Jauretxe dotore bat da, bakartua, oinplano angeluzuzenekoa, ia karratua, eta lau isurkiko teilatua du. Estilo barrokoa (XVIII. mendekoa). Beheko solairua, solairu nagusia eta teilatupea ditu. Nabarmentzekoa da fatxada nagusiaren uniformetasuna. Leihoak harrizko harlanduz inguratuak daude, inpostak ditu eta armarria erdiko posizio batean kokatua dago. Hormak harlangaitzezkoak dira, luzituak, eta baoen ertzak eta eskantzuak harlanduzkoak dira. Fatxada nagusian platabandak banantzen dira, eta beheko solairuko muturretako hutsuneak bao dinteldunez osatuta daude, eta jatorrian sarbideak zirenak. Balkoiak kareldunak lehen solairuan eta leihoak ganbaran. Eraikinaren erdiko ardatzak sarrera handia du beheko solairuan. Sarrerako atari nagusian, erdiko zutabe bat dauka, mainel moduan jarrita, eta zapata duena.
Casares abizenak protagonismo handia izan du Altzako bizitza politiko, erlijioso eta ekonomikoan, Erdi Arotik gaurdaino. Lizaso genealogistaren arabera, Casares leinua Gipuzkoako zaharrenetakoa da leinu horren seme batek Tolosako Navas de Tolosako guduan parte hartu zuen 1212an. Dokumentaturik dagoen abizenaren aipamenik zaharrena 1390. urtekoa da eta, etxearena, 1465ekoa.


Etxaurrean erakusten duen armarria haren nobleziaren erakusgarria da. Lau kuartelak ditu. Lehenengoan eta laugarrenean basurde ibiltari bat darama zilarrezko (zuria) fondoarekin, eta bigarrenean eta hirugarrenean urrezko gaztelu bat fondo gorriarekin. Behealdean, “AQUI ES CASARES” idazkuna zizelkatuta darama