Datu orria
UNITATEAREN DESKRIBAPENA:
Osasuna izaki bizidun ororen bizitzan berebiziko garrantzia duen gaia da. Osasunaren kontzeptua eta bizimodu osasuntsu bat izatearen ideia urteetan aldatuz joan da. Hala ere, kirola, elikadura orekatua eta gaixotasun bat izan ezkero mediku batengana joateko aukera izatea oso garrantzitsuak izan dira auzoan betidanik.
Unitate honetan osasunean eman diren aldaketak aztertuko ditugu, sendatzeko era ezberdinak ikasiko ditugu eta bizimodu osasuntsu bat aurrera eramateko aukerak landuko ditugu.
Horretarako ikasleen aurre ezagutza eta esperientzietatik abiatuko gara, auzoko osasunaren historian murgilduz, auzokideen kontakizunak entzunez, gelakideekin jakintzak partekatuz eta elkarrekin informazioa debatituz erronka nagusi bat gauzatuko dute. Erronka unitateko ataza ezberdinetan landu dutena ulertu eta gero, gazteleraz albiste bat zuzentasunez asmatu, idatzi eta partekatzea izango da. Horretarako beharrezkoak izango diren oinarri guztiak ataza ezberdinetan aurkituko dituzte, pixkanaka hausnartuz eta erronka nagusira hurbilduz.
Nahiz eta osasunaren gaiaren edukiak landuko diren, helburua ez da eduki horiek barneratzea izango, ikasleek norbere ezagutzak partekatzea eta elkarrekin kolektiboki eraikitzea izango baita garrantzitsuena. Izan ere, pertsona guztiok gaiaren inguruko ezagutzak ditugu eta horiek elkarlotuz, informazio berria ulertuz, kideekin partekatuz eta debatituz historia guztion artean eraikitzea da unitatearen helburu nagusia.
Izenburua | Osasuna Altzan |
---|---|
Ataza kopurua | 7 |
Maila / Zikloa | Gaia egokitu eta sakontasun ezberdinarekin landu daitekenez, Lehen Hezkuntzako hiru ziklotan landu daiteke. Ziklo bakoitzari loturiko ariketa ezberdinak aurkituko dira unitatean. |
Azken erronka | Gaiaren inguruko albiste bat asmatu eta idaztea (gazteleraz) ikasitakoa islatzeko. |
Saio kopurua | 6 |
Baliabideak eta IKT tresnak | Ordenagailua eta internet sarea. |