Saltatu nabigazioa

Gidalerro didaktikoak

Datu orria

UNITATEAREN DESKRIBAPENA:

Altzan industria iraultzak berebiziko garrantzia izan du. Altzako egituran aldaketak eragin zituen, biztanleen bizimoduan eta lanetan aldaketak eragin zituen eta gainera Altza donostiako biztanle kopuru gehiena duen auzoa izatea eragin zuen. Industriek Altzako itxura eraldatu dute eta gaur egun ezagutzen dugun auzoa sortzen lagundu dute. Industriek ekonomia eta lan kopuru aldetik abantaila asko ekarri zituzten, hala ere, lan baldintzak ez ziren hoberenak eta industrien kutsadurak ere kalteak ekarri ditu auzora.


Hau guztia dela eta, ezinbestekoa da industria iraultza eskolan lantzea eta auzoan izan zituen eragin zuzenak aztertzea. Goazen industria eta bertan lan egin zuten bizilagunen munduan murgiltzera eta ikastera.


Unitate honetan ikasleen aurre ezagutza eta esperientzietatik abiatuz, auzoko industriaren historian murgilduz, auzokideen kontakizunak entzunez, gelakideekin jakintzak partekatuz eta elkarrekin informazioa debatituz erronka nagusi bat gauzatuko dute. Erronka unitateko ataza ezberdinetan landu dutena ulertzea eta material edo produktu baten ekoizpenaren prozesua ikertu, ulertu eta idaztea izango da. Ondoren, prozesua gelakideen aurrean aurkezteko. Horretarako beharrezkoak izango diren oinarri guztiak ataza ezberdinetan aurkituko dituzte, pixkanaka hausnartuz eta erronka nagusira hurbilduz.


Nahiz eta industriaren gaiaren edukiak landuko diren, helburua ez da eduki horiek barneratzea izango, ikasleek norbere ezagutzak partekatzea eta elkarrekin kolektiboki eraikitzea izango baita garrantzitsuena. Izan ere, ezagutzak elkarlotuz, informanzio berria ulertuz, kideekin partekatuz eta debatituz historia guztion artean eraikitzea da unitatearen helburu nagusia.

Izenburua Industria Altzan
Ataza kopurua 7
Maila / Zikloa Gaia egokitu eta sakontasun ezberdinarekin landu daitekenez, Lehen Hezkuntzako hiru ziklotan landu daiteke. Hala ere, unitate honetan zikloka ezberdindutako ariketak aurkituko dira
Azken erronka Material edo produktu baten ekoizpenaren prozesua ikertu, ulertu eta idatzi gelakideen aurrean aurkezteko.
Saio kopurua 7
Baliabideak eta IKT tresnak Ordenagailua eta internet sarea.

Ikasketa bidea eta tenporizazioa

Atazak Atazaren helburu espezifikoak Tenporalizazioa
Industria Altzan Gaia zein den ezagutzea, gaiaren inguruko aurreideiak eta ezagutzak partekatzen hastea, unitatean lantzea espero dena pentsatzea eta partekatzea.

 1/2 saio

Gaian murgiltzen Bideoa ikusiz gaiaren inguruko informazio gehiago eskuratzea, ikasleek dakitenarekin uztartzea, bideoan esaten dena pizten dituen oroitzapen edo jakintzak partekatzea. Informazio hori ezagun, irakasle eta familiako kideekin kontrastatzeko nahia sortzea. Azaltzen diren gaien inguruan debatitzea eta informazioa partekatzea. 1 saio
Kontakizunak Auzokideek kontatzen dutena entzutea eta ulertzea. Hitz egiteko era ezberdinak ulertzea eta mezuaren esanahia ateratzen jakitea. Elkarrizketatik ondorioak ateratzea gelakideekin debatitu ahal izateko. Ikaskideekin ezagutzak, bizipenak, iritziak eta oroitzapenak debatitzea eta aktiboki parte hartzea. 1 saio
Kutsadura Zikloka antolatuta dauden kutsadura gaiari loturiko ariketak arretaz irakurri eta zuzentasunez gauzatzea 1 1/2 saio
Erronka. Prozesuak ikertzen Ikasleen aurreko ezagutzak unitatean landu, ikasi, partekatu, hausnartu eta debatitu dena barneratu eta gero erabakitzen duten material baten inguruko prozesua ikertzea eta deskribatzea. Erronkan azaltzen diren beste prozesuak ulertzea. Zuzentasunez prozesua deskribatzeko gaitasuna izatea. 2 saio
Hutsuneak bete Unitateari amaiera eman aurretik landutakoa errepasatzea eta ideiak argitzea. 1/2 saio
Nola egin dut lan? Norbere burua ebaluatzea eta egindako lanaren inguruan hausnartzea. 1/2 saio

Diziplinarteko izaera duenez ikasgai ezberdinetan landu daiteke unitatea, hala nola, ikerketa, euskara, natur zientziak, gizarte zientziak, balio sozial eta zibikoak edo IKT. 

Unitate honetako konpetentziak

OINARRIZKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

  • Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia
  • Ikasteko eta pentsatzeko konpetentzia
  • Hitzezko, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

Espezifikoak:

  • Planifikatutako ekintzak gauzatzea eta, beharrezkoa baldin bada, haiek doitzea.
  • Informazioa ulertzea, buruz ikastea, eta ulertutakoa adieraztea (pentsamendu analitikoa)
  • Informazioa interpretatzea eta ebaluatzea (pentsamendu kritikoa).
  • Ideiak sortzea eta hautatzea (pentsamendu sortzailea).
  • Baliabide kognitiboen erabilera estrategikoa egitea, ikasitakoa baliatuz eta beste egoera batzuetara transferituz.
  • Hitzezko komunikazioa: hainbat hizkuntzatako askotariko testuak ahoz eta idatziz ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.

DIZIPLINETAKO BARNEKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

    • Zientzietarako konpetentzia
    • Konpetentzia sozial eta zibikoa
    • Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

Espezifikoak:

  • Zientzia-jakintzak egoki erabilita eta arduraz, autonomiaz eta ikuspegi kritikoz hartzea natura-ingurunearen gaineko erabakiak eta giza jarduerek ingurune horretan eragiten dituzten aldaketei buruzkoak, eta bizitzako esparru eta egoera guztietan jardutea gisa horretan, norberaren eta gizartearen bizitza hobetzeko eta ingurunea zaindu eta hobetzeko.
  • Norberaren gizartea ezagutzea, eta bereziki haren iraganeko eta egungo eraketa, antolamendua eta funtzionamendua; gizartea zer lurraldetan eta nola ezarrita dagoen jakitea, haren iraganaren kontzientzia hartzea eta gizakien ekintzak gizartean sortzen dituen arazoen aurrean modu positiboan jarduteko gaitasuna lantzea.
  • Bizi duen inguruneaz jabetzen den herritarra izatea eta egoera hori onartzea, konpromisoa izanda eta elkartasuna adierazita; aintzat hartzea garaiko gizarteetako aniztasun soziala eta kulturala, eta, bereziki, egungo euskal gizartekoa, eta naturarekin, bere buruarekin eta gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko era berrien bila aritzea, gizartea hobetu eta jasangarri bihurtzeko.
  • Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, xede edo helburu pertsonalak, sozialak edo akademikoak erdiesteko.
  • Esparru pertsonal, sozial edo akademikoen berezko hitzezko, idatzizko eta ikusentzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko askotariko komunikazio-beharrizanei. 

Helburuak

Ezaugarri bereizgarriak dituzten gizarte- eta kultura-taldeetako kide direla ohartzea eta balioestea, norberaren kultura-ezaugarri bereizgarriak eta beste talde batzuekiko desberdintasunak aintzat hartzea, eta gainerako identitate, kultura eta herriekiko errespetua izatea eta giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela ohartzea.
  
Gizakiak ingurune fisikoan eta gizarte-ingurunean dituen esku-hartzeen zenbait adibide ikusi eta kritikoki aztertzea, iraunkortasunaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan ingurumena eta ondare historikoa eta kulturala babesteko, berreskuratzeko eta kontserbatzeko jarrera izateko.
 
Natura-ingurunean agerian jartzen diren ezaugarriei eta erlazioei erreparatzea, haiei buruzko galderak egitea, identifikatzea, sailkatzea eta azaltzea, horretarako askotariko ikerketa-materiala erabiliz, natura-ingurunea ulertzeko eta Lur planeta babesteak eta errespetatzeak gure bizitzarako nahiz etorkizuneko belaunaldientzat duen garrantziaz jabetzeko.
 
Gizakiak ingurune fisikoan eta gizarte-ingurunean dituen esku-hartzeen zenbait adibide ikusi eta kritikoki aztertzea, iraunkortasunaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan ingurumena eta ondare historikoa eta kulturala babesteko, berreskuratzeko eta kontserbatzeko jarrera izateko.
 
Norberaren ezagutzan sakontzea, lorpenak erdiesteko motibazioa sustatzen duten estrategien bidez, eta nork bere pentsamena eta ikaskuntza-estiloak erregulatzea, natura-inguruneko arazoei eta pertsonen bizitzarekin duten erlazioari buruzko erabakiak modu arduratsuan, autonomoan eta kritikoan hartu ahal izateko.
 
Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
   
Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz eta elkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai izatea, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.
 

Ebaluazioa

Ebaluazio irizpidea orokorrak:

  • Ezaugarri bereizgarriak dituzten gizarte- eta kultura-taldeetako kide dela ohartzen da eta balioesten du, norberaren kultura-ezaugarri bereizgarriak eta beste talde batzuekiko desberdintasunak aintzat hartzen ditu, eta gainerako identitate, kultura eta herriekiko errespetua du eta giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa delaz ohartzen da.
  • Gizakiak ingurune fisikoan eta gizarte-ingurunean dituen esku-hartzeen zenbait adibide ikusten eta kritikoki aztertzen ditu, iraunkortasunaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan ingurumena eta ondare historikoa eta kulturala babesteko, berreskuratzeko eta kontserbatzeko jarrera izateko.
  • Natura-ingurunean agerian jartzen diren ezaugarriei eta erlazioei erreparatzen die, haiei buruzko galderak egiten, identifikatzen, sailkatzen eta azaltzen ditu, horretarako askotariko ikerketa-materiala erabiliz, natura-ingurunea ulertzen du eta Lur planeta babesteak eta errespetatzeak gure bizitzarako nahiz etorkizuneko belaunaldientzat duen garrantziaz jabetzen da.
  • Norberaren ezagutzan sakontzen du, lorpenak erdiesteko motibazioa sustatzen duten estrategien bidez, eta nork bere pentsamena eta ikaskuntza-estiloak erregulatzen ditu, natura-inguruneko arazoei eta pertsonen bizitzarekin duten erlazioari buruzko erabakiak modu arduratsuan, autonomoan eta kritikoan hartuz.
  • Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzen eta interpretatzen ditu, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
  • Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz etaelkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai da, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.

Unitatea ebaluatzeko irizpide zehatzak:

  • Ikaslea gelakideekin taldekatze txiki eta handietan ezagutzak, iritziak eta bizipenak partekatu ditu.
  • Gelako debatean parte hartu du, inguruko jendearekin gaiari buruz hitz egin ondoren ondorioztatu eta ikasi duena partekatuz.
  • Bideoak eta azalpenak ongi ulertzeko gai izan da.
  • Kutsadurari loturiko materialak arretaz eta gogoz landu ditu.
  • Natura zaintzearen eta kutsadura ekiditearen garrantzia ulertu du.
  • Erronka interesez eta era sortzailean gauzatu du. Material edo produktu baten sortze prozesua zuzentasunez jasoz eta aurkeztuz.