Saltatu nabigazioa

Gidalerro didaktikoak

Datu orria

UNITATEAREN DESKRIBAPENA:

Ikasle guztiek auzoko dendekin harremanak dituzte, bai familiako kideekin erostera joaten direlako, bai dendaren batean ezagun edo familiako kideren bat lan egiten duelako edo bai askotan aurretik pasatzen direlako eta jada bertan lan egiten duten dendariak ezagutzen dituztelako. Auzoko denda txikiek bizitza ematen diote Altzari eta eskolan hauen garapenaz eta izan dituzten aldaketez hitz egitea interesgarria izan daiteke.

Iraganean dendek berebiziko garrantzia zuten auzoan eta hauei esker auzoko giroa laguntza harremanetan eta bizikidetzan oinarrituta zegoen. Goazen dendek auzoan izan duten eta gaur egun izaten jarraitzen duten garrantziaz hausnartzera.

Unitate honetan ikasleen aurre ezagutza eta esperientzietatik abiatuz, auzoko denden historian murgilduz, auzokideen kontakizunak entzunez, gelakideekin jakintzak partekatuz eta elkarrekin informazioa debatituz erronka nagusi bat gauzatuko dute. Erronka unitateko ataza ezberdinetan landu dutenaren inguruan hausnartu eta gero norbere denda diseinatzea izango da. Diseinatzen duten denda horretan zer saldu nahi duten eta zergatik pentsatu beharko dute.

Nahiz eta denden gaiari loturiko edukiak landuko diren, helburua ez da eduki horiek barneratzea izango, ikasleek norbere ezagutzak partekatzea eta elkarrekin kolektiboki eraikitzea izango baita garrantzitsuena. Izan ere, pertsona guztiok gaiaren inguruko ezagutzak ditugu eta horiek elkarlotuz, informazio berria ulertuz, kideekin partekatuz eta debatituz historia guztion artean eraikitzea izango da unitatearen helburu nagusia.

Izenburua Altzako dendak
Ataza kopurua 7
Maila / Zikloa Gaia egokitu eta sakontasun ezberdinarekin landu daitekenez, Lehen Hezkuntzako hiru ziklotan landu daiteke. Hala ere unitate honetan ziklo bakoitzarentzako ariketa zehatzak proposatzen dira.
Azken erronka Auzoan ireki nahiko luketen denda bat diseinatzea, bertan salduko luketena deskribatuz eta logoa diseinatuz.
Saio kopurua 6
Baliabideak eta IKT tresnak Ordenagailua eta internet sarea.

Ikasketa bidea eta tenporizazioa

Atazak Atazaren helburu espezifikoak Tenporalizazioa
Altzako dendak Gaia aurkeztea, gaiaren inguruko aurreideiak eta ezagutzak partekatzen hastea, unitatean lantzea espero dena pentsatzea eta partekatzea.

 1/2 saio

Gaian murgiltzen

Bideoa ikusiz gaiaren inguruko informazio gehiago eskuratzea, ikasleek dakitenarekin uztartzea, bideoan esaten dena pizten dituen oroitzapen edo jakintzak partekatzea. Informazio hori ezagun, irakasle eta familiako kideekin kontrastatzeko nahia sortzea.

Zure gelakideekin eta beste eskolako haurrekin zure auzoko dendarik kuttunenean bizitakoak partekatzea.

1 saio
Kontakizunak Auzokideek kontatzen dutena entzutea eta ulertzea. Hitz egiteko era ezberdinak ulertzea eta mezuaren esanahia ateratzen jakitea. Elkarrizketatik ondorioak ateratzea gelakideekin debatitu ahal izateko. Ikaskideekin ezagutzak, bizipenak, iritziak eta oroitzapenak debatitzea eta aktiboki parte hartzea.  1 saio
Hutsuneak bete Unitateko erronka gauzatu aurretik landutakoa errepasatzea eta ideiak argitzea. 1/2 saio
Erronka: zure denda diseinatu Ikasleen aurreko ezagutzak unitatean landu, ikasi, partekatu, hausnartu eta debatitu denarekin uztartzea eta norbere denda diseinatzea. Altzako auzoan zein denda falta diren hausnartzea eta bakoitzak ireki nahi duen denda erabakitzea. Dendaren deskribapena zuzentasunez egitea, galderei egokitasunez erantzutea eta dendarentzako logoa diseinatzea. 2 saio
Dendetan laguntzen Dendetan lagundu ahal izateko ziklo bakoitzari dagozkien matematika ariketak ulertu eta zuzen gauzatzea. 1/2 saio
Nola egin dut lan? Norbere burua ebaluatzea eta egindako lanaren inguruan hausnartzea. 1/2 saio

Diziplinarteko izaera duenez ikasgai ezberdinetan landu daiteke unitatea, hala nola, ikerketa, euskara, natur zientziak, gizarte zientziak, balio sozial eta zibikoak edo IKT. 

Unitate honetako konpetentziak

OINARRIZKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

  • Ikasteko eta pentsatzeko konpetentzia
  • Hitzezko, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia

Espezifikoak:

  • Informazioa bilatzea, aukeratzea, gordetzea eta berreskuratzea hainbat informazio-iturritatik (informazio-iturri inprimatu, ahozko, ikus-entzunezko, digital eta bestelakoetatik), eta iturri horien egokitasuna ebaluatzea.
  • Informazioa interpretatzea eta ebaluatzea (pentsamendu kritikoa).
  • Ideiak sortzea eta hautatzea (pentsamendu sortzailea).
  • Hitzezko eta idatzizko komunikazio jariokor, autonomo, sortzaile eta eraginkorrak egitea.
  • Hitzik gabeko kodeak ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguruan erabiltzea, ikasteko, aisiarako, inklusiorako eta gizartean parte hartzeko.

DIZIPLINETAKO BARNEKO KONPETENTZIAK:

Orokorrak:

  • Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia
  • Arterako konpetentzia
  • Matematikarako konpetentzia

Espezifikoak:

  • Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, xede edo helburu pertsonalak, sozialak edo akademikoak erdiesteko.
  • Esparru pertsonal, sozial edo akademikoen berezko hitzezko, idatzizko eta ikusentzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko askotariko komunikazio-beharrizanei. 
  • Ingurune teknologikoko baliabideak testuinguru anitzetan erabiltzea, informazioa egoki aukeratu eta interpretatuta, ingurune horren funtzionamendua ulertzeko eta egungo gizarte teknifikatuak dituen ohiko arazoak konpontzeko
  • Arte-produktuak era pertsonal eta arrazoituan sortzea hainbat egoera eta bizi-esparrutan, emozioak, bizipenak eta ideiak adierazteko, irudikatzeko eta komunikatzeko.
  • Estrategia egokien bidez identifikatzea eta ebaztea eduki matematikoa duten zenbait arazo-egoera, eta, horrela jokatuta, ingurunea hobeto ulertzeko urratsak ematea.
  • Jakintza matematikoak ezagutzea, erlazionatzea, integratzea eta balioestea, egoera bakoitzaren berezko ezaugarriak kontuan hartuta.
  • Jakintza matematikoak erabiltzea eguneroko edota zientziaren esparruko egoerei aurre egiteko, egoera horiek "modelizatuta"; hau da, egoerak termino matematikoetan adieraztea, modelo edo ereduari jarraitzea eta emaitzak testuinguruaren barruan interpretatzea.

Helburuak

Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzea eta interpretatzea, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
 
Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz etaelkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai izatea, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.
 
Eskolako eta norbera bizi den inguruneko hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzea, aniztasun horrekiko jarrera positiboa barneratzeko, eta hizkuntzak komunikaziorako baliabide eraginkortzat eta kultura-ondaretzat hartzea, portaera linguistiko enpatikoak garatzeko eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko.
  
Sormen-lan eta -proiektuak lantzean zenbait emaitza lortzeko beharrezkoak diren prozedurak planifikatzea, ebaluatzea eta egokitzea, eta horrek guztiak dakartzan erronkez jabetzea.
 
Banaka edo taldean, eguneroko bizitzatik ateratako problemak, beste zientzia batzuetakoak edo Matematikakoak planteatzea eta ebaztea, eta zenbait estrategia aukeratzea eta erabiltzea, ebazpen-prozesua justifikatzea, emaitzak interpretatzea eta egoera berrietan aplikatzea, gizarte-ingurunean modu eraginkorragoan jardun ahal izateko.
 
Matematikako ezagutza aplikatzea eguneroko bizitzako gertaerei eta egoerei buruzko informazioak eta mezuak ulertzeko, balioesteko eta sortzeko, eta beste ezagutza-arlo batzuetan erabilgarriak direla jakitea.
 
Kalkuluak eta iritzirako kalkuluak (zenbakizkoak, metrikoak, etab.) segurtasunez eta konfiantzaz egitea, egoera bakoitzean prozedura egokienak (buruzko kalkulua, idatzia, kalkulagailua...) erabiliz, bizitzako egoerak interpretatzeko eta balioesteko, eta emaitzak sistematikoki berrikustea.

Ebaluazioa

Ebaluazio irizpidea orokorrak:

  • Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikusentzunezko diskurtsoak ulertzen eta interpretatzen ditu, zenbait motatako komunikazioegoerei aurre egiteko.
  • Norberaren esperientziatik gertueneko esparruetan eraginkortasunez, errespetuz etaelkarrekin lan egiteko gogoz bai ahoz eta bai idatziz komunikatzeko gai da, unean uneko komunikazio-premiei behar bezala erantzuteko.
  • Eskolako eta norbera bizi den inguruneko hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzen du, aniztasun horrekiko jarrera positiboa barneratzeko, eta hizkuntzak komunikaziorako baliabide eraginkortzat eta kultura-ondaretzat hartzen du, portaera linguistiko enpatikoak garatzeko eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko.
  • Sormen-lan eta -proiektuak lantzean zenbait emaitza lortzeko beharrezkoak diren prozedurak planifikatzen, ebaluatzen eta egokitzen ditu, eta horrek guztiak dakartzan erronkez jabetzen da.
  • Banaka edo taldean, eguneroko bizitzatik ateratako problemak, beste zientzia batzuetakoak edo Matematikakoak planteatzen eta ebazten ditu, eta zenbait estrategia aukeratzen eta erabiltzen ditu, ebazpen-prozesua justifikatzeko, emaitzak interpretatzeko eta egoera berrietan aplikatzeko, gizarte-ingurunean modu eraginkorragoan jardun ahal izateko.
  • Matematikako ezagutza aplikatzen du eguneroko bizitzako gertaera eta egoeratan informazioak eta mezuak ulertzeko, balioesteko eta sortzeko, eta beste ezagutza-arlo batzuetan erabilgarriak direla daki.
  • Kalkuluak eta iritzirako kalkuluak (zenbakizkoak, metrikoak, etab.) segurtasunez eta konfiantzaz egiten ditu, egoera bakoitzean prozedura egokienak (buruzko kalkulua, idatzia, kalkulagailua...) erabiltzen ditu, bizitzako egoerak interpretatzeko eta balioesteko, eta emaitzak sistematikoki berrikusten ditu.

Unitatea ebaluatzeko irizpide zehatzak:

  • Ikaslea gelakideekin taldekatze txiki eta handietan ezagutzak, iritziak eta bizipenak partekatu ditu.
  • Kontakizunak arretaz entzun ditu, bideoen mezua ulertuz eta aipatzen diren ideietatik gelan debatituz.
  • Materialak arretaz entzun eta landu ditu, materialetan datorren informazioaz gain inguruko ezagunekin gaia landuz.
  • Erronka gogoz gauzatu du.  Denda bat asmatu du, dendaren deskribapena idatzi du eta logotipoa diseinatu du.
  • Gelakideen aurrean sortutako denda zuzentasunez eta sormenez aurkeztu du.
  • Matematikako ariketak zuzentasunez ebatzi ditu.